
MEICAN
Nafarroako nekazaritzako elikagaien arloko kooperatibak bateratzeko esparru estrategikoa
Hainbat ezaugarrik nabarmen erakusten dute beharrezkoa dela nekazaritzako elikagaien arloko kooperatiba-sektore sendo eta eraginkorra sortzea:
Krisiei aurre egiteko askoz ere eredu indartsuagoa delako eta gizartean balioa sortzen jarraitzeko gaitasuna duelako, zailtasunak zailtasun.
Eredu horren ekimen ekonomikoak ez direlako deslokalizatzen, baizik eta lurraldea sozialki eta ekonomikoki egituratzen eta kohesionatzen dutelako.
Kooperatibak nekazaritzako elikagaien arloko ustiategi eta enpresen bideragarritasuna eta lehiakortasuna hobetzeko tresna enpresarialak direlako.
Enplegu zuzena eta zeharkakoa sortzeko eta mantentzeko gaitasun handia dutelako.
2017-2020 Ekonomia Sozialerako Plan Integralaren 3.3.3. ekintzan (NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN ARLOKO KOOPERATIBAK BATERATZEA) adierazten den bezala, Nafarroako nekazaritzako elikagaien alorreko kooperatibak bateratzeko esparru estrategiko bat ari dira lantzen 2018-2022 epealdirako.
3.3.3 ekintza enpresa-garapenaren ildo estrategikoaren barruan dago. Hala, ildo estrategiko horren helburua da enpresen arteko lankidetza-mekanismoak bultzatzeko proiektuak egitea, nekazaritzako elikagaien sektoreko ETEak sendotu eta hazteko eta sektore horretako kooperatibak bateratzeko.
Nafarroako nekazaritzako elikagaien arloko kooperatibak bateratzeko esparru estrategikoa onartzeko, Garapen Ekonomikoko Departamentuak eta Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazioko Departamentuak urte bete baino gehiago daramate lanean UCAN erakundearekin eta INTIA sozietate publikoarekin, Nafarroako Gobernuak sektorea babesteko eta kooperatibak bateratzeko ildo nagusiak zehaztuko dituen testua osatzen. Testu horretan, egoeraren diagnostikoa eta helburuak eta babes-neurri zehatzak jasoko dira, besteak beste. Horiek zehaztean, jendaurrean jarriko dira, Nafarroako Gobernuak formalki onartu aurretik.
Informazio gehigarria:
Nafarroako Gobernuak ibilbide luzea egina du dagoeneko desberdintasun sozio-ekonomikoak murrizten laguntzen duten politika publikoak lantzen.
Nekazaritzako elikagaien sektorea da espezializazio adimentsurako estrategiaren lehentasunezko sektoreetako bat. Hala, sektore hori indartzeko martxan jartzen diren ekintzek eragin nabarmena izango dute Nafarroaren etorkizuneko gizarte- eta lurralde-kohesioan. Nekazaritzako elikagaien sektorea lehentasunezkoa bihurtu da estrategia horretan, lurraldea egituratzen laguntzen duelako, ingurunearekin lotuta dagoelako eta landa-eremuetan enplegu egonkor eta kalitatezkoa bultzatzen eta mantentzen duelako.
Hala eta guztiz ere, lehen sektoreak erronka handiak ditu aurrean, biziraun ahal izateko. Oso sektore atomizatua da; ondorioz, ondoen egituratuta dauden enpresek ere ez dute lortzen jarduera errentagarri bihurtzea, egokitzen ahalegindu arren eta inbertsioak egin arren.
Hori dela eta, ezinbestekoa da oinarria kooperatibo eta asoziatiboko eta jarduera-eremu zabaleko merkataritza-taldeak bateratu eta bultzatzeko neurriak martxan jartzea, nekazaritzako elikagaien kate osoan jarduteko gaitasuna izan dezaten, estatu mailako nahiz nazioarteko merkatuetan, nekazarien errenta hobetzen lagun dezaten eta, hala, gure landa-eremuetan nekazaritzako elikagaien arloko industria-sare eraginkorra osa dezaten.

Lotura S3rekin:
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Espezializazio Adimentsuko S3 estrategia onartu zuen gizartearen eta lurraldearen ikuspegitik kohesionatuta dagoen, iraunkorra den eta bizi-kalitate handiagoa duen lurralde bat eraikitzeko.Horrez gainera, Europa 2020 estrategiaren esparruan, Eskualde Garapeneko Europako Funtseko (EGEF) baliabideak jaso nahi dituzten eskualde guztiek horrelako estrategia bat izan behar dute.
S3 estrategiaren ikuspegi estrategikoak bost ardatz ditu: kohesionatua, osasungarria, iraunkorra, industriala eta lehiakorra. Ardatz horiek sei alor ekonomiko estrategikoren bidez garatzen dira, eta alor horietako bat elikakatea da. Hain zuzen, Nafarroako garapenerako bost ardatz estrategikoetan presentzia zuzena duen alor bakarra da hori.
Hain zuzen, elikakatearekin loturiko alorraren helburuak dira enpresa-eskalan aurrera egitea, esportazioak handitzea eta balio-katean barne-mailako lankidetza areagotzea, Nafarroako produktu gehiago sar daitezen eraldaketa- eta esportazio-prozesuetan. Helburu horiek guztiak lortzeko, funtsezkoa da Nafarroako nekazaritzako elikagaien arloko kooperatiben tamaina.
Kooperatiben bateratzeak lotura estua du S3 estrategiarekin, eta, zehazki, estrategia horretako bi erronkarekin: batetik, 13. erronka (“Enpresen batez besteko tamaina handitzea”); izan ere, kooperatibak bateratzearen helburuetako bat da Nafarroako nekazaritzako elikagaien arloko kooperatiben tamaina handitzea, banatzaile handien aurrean, lehiakortasun handiagoa izan dezaten. Horrez gainera, 3. erronkarekin lotuta dago (“Nekazaritzako elikagaien balio-katea egituratzea”); hala, kooperatibak bateratzea erronka hori lortzeko funtsezko ekintzetako bat da, ezinbestekoa baita balio-katea egituratu eta oreka hobetzeko, etorkizuna bermatzeko eta nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna bultzatzeko.
S3 estrategiaren lehentasunetako bat enpresa-garapena izanik, ezinbestekoa da enpresa-hazkuntzaren faktorea lantzea, enpresa lehiakorragoak, teknologikoagoak, berritzaileagoak, iraunkorragoak eta gizartearekin eta ingurunearekin konprometituagoak bultzatuz.
Hori lortzeko tresna nagusietako bat 2017- 2020rako Nafarroako Ekonomia Sozialeko Plan Integrala da.
Nafarroako Gobernuak Ekonomia Sozialeko Plan Integrala onartu ondoren, enpresa-garapenaren ardatzaren barruan txertatzen da nekazaritzako elikagaien sektoreko kooperatibak bateratzea bultzatzeko esparru estrategikoaren eguneraketa, “sektorea lehiakorragoa izateko, zeharkako ikuspegi batetik, eta hainbat departamentuk parte hartuz”. Kontuan izan behar da Nafarroak erkidego-mailaz gaindiko lehentasunezko elkarte bat duela, estatu-mailan aintzatetsia.
Garapen Ekonomikoko Departamentuak du Ekonomia Sozialeko Plan Integraleko jarduera-ardatz horren gaineko ardura, Ekonomia eta Enpresa Politikako eta Lan-arloko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez.
Kontuan izan behar da kooperatibak bateratzearen helburu nagusietako bat, hain zuzen, nekazaritzako elikagaien alorreko kooperatiben tamaina handitzea dela, balio-katearen orekan eragin ahal izateko.
Halaber, estatu-mailako helburua da hori. Gaiarekin lotutako bi oinarrizko arau aipatu behar dira: batetik, 2013ko abuztuaren 2ko 13/2013 Legea, nekazaritzako elikagaien alorreko kooperatibak eta bestelako elkarteak bateratzeari buruzkoa, zeinaren bidez, besteak beste, elkarte horien tamaina handitu nahi baita, lehiakorragoak izateko, balio handiagoa lortzeko eta elkarte horiekin lotura duten nekazarien errentak hobetzeko. Bestalde, elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko 2013ko abuztuaren 2ko 12/2013 Legeak elikakateko eragileen arteko harremanak arautzen ditu, segurtasun juridikoa eta harreman komertzialen berdintasuna bermatzen du eta hornikuntza-, salerosketa eta bateratze-kontratua arautzen du.