EKONOMIA SOZIALA

Zer da ekonomia soziala:

Espainiako ekonomia sozialaren egungo konfigurazioan eragin zuzena izan zuen Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legea onetsi izanak; izan ere, inoiz ez bezalako inflexio-puntu bat izan zen sektorearen aitorpena, ikusgaitasuna eta garapena lortzeko, Estatu mailan zein Europar Batasunean.

Berriki, irailaren 9ko 31/2015 Legea (autoenpleguaren arloko araudia aldatu eta eguneratzen duena eta lan autonomoa eta gizarte-ekonomia bultzatu eta sustatzeko neurriak hartzen dituena) onesteari esker, arau-esparru hori osatu egin da eta Espainiako ekonomia soziala garatzeko eta sustatzeko neurriak ezarri dira.

Legearen testuak honela definitzen du Ekonomia Soziala: jarraian azaltzen diren irizpideen arabera interes ekonomiko edo sozial orokorra edo biak lortu nahi dituzten entitateek eremu pribatuan egiten dituzten jarduera ekonomiko eta enpresarialen multzoa.

Espainian Ekonomia Soziala bideratzen duten printzipioak:

  • Pertsonek eta xede sozialak kapitalarekiko nagusitasuna izatea, eta hori kudeaketa autonomo, garden, demokratiko eta parte-hartzaile batean islatzea. Pertsonen eta entitatean egindako lan-ekarpenen eta emandako zerbitzuen arabera edo xede sozialaren arabera hartzea erabakiak, eta ez kapital sozialari egindako ekarpenen arabera.

  • Jarduera ekonomikoarekin lortutako emaitzak kideek egindako lanaren edo jardueraren arabera aplikatzea eta, hala badagokio, entitatearen xede sozialera bideratzea.

  • Barneko elkartasuna eta gizartearekiko elkartasuna sustatzea, honako xede hauek lortzen laguntzeko: tokiko garapenarekiko konpromisoa, emakumeen eta gizonen arteko aukera- berdintasuna, kohesio soziala, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea, kalitatezko enplegu egonkorra sortzea, bizitza pertsonala, familiako eta lanekoa uztartzea eta jasangarritasuna.

  • Botere publikoekiko independentzia.

Halaber, Legeak ezarritakoaren arabera, Ekonomia Soziala izeneko enpresa sorta honen parte dira honako entitate hauek:

Kooperatiba egitura eta funtzionamendu demokratikoan oinarritutako enpresa-antolaketa mota bat da. Kooperatiben jarduera eremu autonomikoan, estatalean eta nazioartean onetsitako eta araututako irizpide kooperatiboen arabera gauzatzen da: kideak borondatez atxikitzea, demokratikoki kudeatzea, kideek ekonomikoki parte hartzea, hezkuntza, prestakuntza eta informazioa eta komunitatearekiko interesa.

Lan-sozietateek enpresak sortzeko botere handia erakutsi dute. Enpresa mota honetan, kapital soziala gehienbat langileena da. Langileak bazkideak izateari esker, proiektuei heltzeko automotibazioa handiagoa izaten da. Gutxienez hiru bazkide behar dira, eta eratzeko izapideak beste edozein merkataritza-sozietateren izapideeen antzekoa da.

Pertsonen sozietate horiek irabazi asmorik gabekoak dira, egitura eta kudeaketa demokratikoak dituzte eta borondatezko aseguru-jarduera bat egiten dute, Gizarte Segurantzaren aurreikuspen-sistemaren osagarri dena.

Enpresa horiek bideragarritasun ekonomikoa eta merkatuko parte-hartzea lan-merkatuan aukera gutxiago dituzten kolektiboekiko duten konpromiso sozialarekin bateratzen dute. Plantillaren gehiengoa desgaitasunen bat duten pertsonek osatzen dute (ezin dira langile guztien % 70 baino gutxiago izan). Produzitzeko eta lehiatzeko gaitasuna garatzen dute eta, horri esker, haien produktuak merkaturatzea lortzen dute.

Irabazi asmorik gabe eratutako erakundeak dira, eta haien ondarea interes orokorreko helburuetarako lotuta dago modu iraunkorrean, fundatzaileek hala nahi izan dutelako. Ekonomia Sozialeko fundazioek zehatz-mehatz bete behar dituzte aipatutako Ekonomia Sozialaren printzipioak, 5/2011 Legean jasota daudenak.

Definizioa honako hau da: «ikasteko egiturak dira, merkataritza-sozietate forma dutenak, eta haien helburu nagusia egoera zailean dauden kolektiboei enplegua lortzeko aukera ematea da, jarduera produktibo baten bidez. Horretarako, gizarteratze-prozesu bat diseinatzen da eta lan-harreman konbentzional bat ezartzen da». Gizarteratze-prozesuan dauden gutxieneko langile kopuru bat izan behar dute plantillan; autonomia erkidegoaren arabera, % 30 eta % 60 artean. Emaitzen % 80 enpresan inbertitzen da berriz ere.

Zuzenbide publikoko korporazio sektorialak dira, irabazi asmorik gabekoak eta arrantza-ontzien armadoreen eta erauzketa-sektoreko langileen interes ekonomikoak ordezkatzen dituztenak. Itsasoko arrantzaren arloko administrazio eskudunen kontsultarako eta lankidetzarako organo gisa jarduten dute, arrantza-sektorea antolatzeaz arduratzen dira, eta haien kudeaketaren helburu nagusia kideen beharrak eta interesak asetzea da, tokiko garapenari, kohesio sozialari eta jasangarritasunari ekarpena egiteko konpromisoarekin.

Desgaitasunen mugimenduarekin eta bazterketa-egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko mugimenduarekin lotutako elkarteak. Elkarte-mugimendu horren ezaugarri nagusia da zerbitzuak ematen dizkiela irabazi asmoak dituzten sektoreen zerbitzuak jasotzeko aukera ez dutenei, batez ere bereziki kalteberak diren kolektiboei, desgaitasunen bat duten pertsonei, kasu. Gainera, normalean sektore horiek oinarrizko eskubideak ase beharko lituzketenak izan ohi dira. Beste ezaugarri batzuk dira gizartean sortzen diren arazoei aurre egiteko modu berriak asmatzeko gaitasuna eta aldaketa sozial, legal, administratibo edo bestelakoen alde egitea, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak eta askatasunak defendatzeko, dibertsitatea eta aniztasunarekiko errespetua eta tolerantzia oinarritzat hartuta.

Hitz batez, Ekonomia Sozialeko enpresak agerian jartzen du arrazionaltasuna eta aurrerapen soziala bateragarriak direla eta enpresaren efizientzia eta erantzukizun soziala bizikide izan daitezkeela. Enpresa bat izateko beste moduak badaudela.