Gaur goizean, CEPES Nafarroak Ekonomia Sozialaren Eguna ospatu du “Euroerregioa aukera gisa" izeneko jardunaldi bat eginez Nafarroa Arena-n. Ekitaldian ETESS (ekonomia sozial eta solidarioaren mugaz haraindiko eskola) proiektuaz eta Euroeskualdeak sektore honi eskaintzen dionaz hitz egin da.
Lehenengo zatia hasteko, Ignacio Ugaldek, Cepes Nafarroa eta ANEL-eko lehendakariak eta Manu Ayerdik, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak, ongietorria eman dute.
ETESS PROIEKTUA
Ugaldek ETESS proiektua aurkeztu du. Proiektu horretan, ANEL elkarteak ez ezik, KONFEKOOP, CBE-Seignanx eta Hendaiako Udalak hartzen dute parte. Honela deskribatu du: «mugaz haraindiko ekimen bat, helburu nagusitzat pertsonak eta kolektiboak trebatzea duena, ekonomia sozialaren bidez lankidetza-proiektuak gara ditzaten; horrela, lurraldean hazkunde soziala eta jasangarria sortzeko dagoen beharrari aurre egiteko konponbide berritzaileak bilatzeko».

Manu Ayerdi, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak. (Argazkia: Víctor Rodrigo).
Bestalde, Euroeskualdeko lurraldeetan (Nafarroa, Euskadi eta Akitania Berria) ekonomia sozialak duen garrantzia nabarmendu du Ayerdik, eta esan du sektore hori indartzen ari direla, «politika publikoak sustatuz». Adierazi du garrantzitsua dela eskualdeen artean harremana egotea, elkarri ekarpenak egin eta elkarrengandik ikasteko aukera bat baita.
Proiektu honek, dagoeneko, 150 tokiko eragile eta proiektu-sustatzaile akreditatu dituzte Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Pirinio Atlantikoetan (Akitania Berria). Gainera, lehenengo Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Mugaz Haraindiko Eskola sortzeko lanetan ari dira. Ugaldek azpimarratu zuen Euroeskualdearen esparruan hartu-emanak areagotzeko beharra dagoela. «Ia 9 milioi biztanle dira eta bostehun mila enpresa inguru daude, hiru milioi eta erdi lanpostu baino gehiago eskaintzen dituztenak. Zifra horiek Euroeskualdeak ematen dituen aukerak islatzen dituzte».
EKONOMIA SOZIALA DATUTAN

Ekonomia Sozialaren Egunean jende ugarik hartu du parte. (Argazkia: Víctor Rodrigo).
«Ekonomia soziala indartzeak eskualde bezala garatzen laguntzen digu, arlo ekonomikoan zein sozialean, ardatz guztietan», adierazi zuen presidenteordeak. Horregatik txertatu du Nafarroak Espezializazio Adimendunaren Estrategian. Ayerdik nabarmendu nahi izan du industriaren sektorea dela (eta jarraian ostalaritza eta turismo sektorea) ekonomia sozialean garrantzi handiena duena, enpleguaren % 32 hartzen baitu.
Ignacio Ugaldek «hazkunde sendo eta jarraitu» bat dagoela esan du, azken bost urteotan kooperatiben lanpostuak % 40 areagotu baitira; estatuan, aldiz, % 11.. Nafarroan, ekonomia sozialeko enpresek 1.197 lanpostu berri sortu dituzte azken urtean.
Enpresa mota horien kopurua ere % 70 handitu da eta geroz eta handiagoa da: «2018an zehar, orain arte, ekonomia sozialeko 120 enpresa berri sortu dira gure komunitatean».
Foru Komunitatea, halaber, azken 12 hilabeteetan kooperatiba gehien izan dituena da (% 8), eta estatu mailan biztanleko kooperatiba tasa handiena du, 100.000 biztanleko 80, hain zuzen. Bestalde, Nafarroan, 100.000 biztanleko, 1.683k kooperatiba batean lan egiten dute. ANEL-eko presidenteak eskainitako datuen arabera, tasa hori estatuko bigarren altuena da eta Europako altuenen artean dago.
EUROESKUALDEA
Honako hauek arduratu ziren Euroeskualdearen agenda politikoa aurkezteaz: Paz Fernández, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea; Jon Azkue, Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordea; eta Pascal Duforestel, Akitania Berria Eskualdeko Ekonomia Sozial eta Solidarioko kontseilaria.

Ezkerretik eskuinera: Paz Fernández, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea; Jon Azkue, Eusko Jauraritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordea; eta Pascal Duforestel, Akitania Berria Eskualdeko Ekonomia Sozial eta Solidarioko kontseilaria. (Argazkia: Víctor Rodrigo).
Hiruek azpimarratu dute ekonomia mota horrek haien instituzioen agenda politikoan duen garrantzia, eskualdeak garatzeko. «Gobernuaren konpromiso bat da», esan zuen Azkuek. Paz Fernándezek azaldu du Nafarroan, ekonomia sozialari dagokionez, hiru «aurrerapauso garrantzitsu» eman direla: Berrikuntza Sozialaren Unitatea sortzea, gizarte-balioaren monetarizazioa eta Nafarroako nekazaritzako elikagaien kooperatibak integratzea.
Azkenik, “Ekonomia Sozialeko erakundeak Nafarroan” izeneko hitzaldiko partaideak honako hauek izan dira: Ignacio Ugalde, ANEL-en izenean; Eduardo Sanz, Nafarroako Laneratzeko Enpresen Elkarteko presidentea (EINA); Edurne Arzellus, Nafarroako Ekonomia Alternatibo eta Solidariorako Sarearen (EINA) ordezkaria; Iñaki Mendióroz, Nafarroako Fundazioen Elkarteko presidentea; eta José Mari Martínez, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kooperatiben batasuneko (UCAN) presidentea.
Fuente: Navarracapital.es