Nafarroako Medikuen Elkargoaren egoitzan egin da «Pertsonekin Osasuna Berritzen. Paziente izatetik, Protagonista izatera.» izeneko jardunaldia, ADACEN, Nafarroako Hartutako Kalte Zerebralaren Elkarteak eta Nafarroako Berrikuntza Sozialaren Unitateak antolatuta, Nafarroako Kutxa Fundazioa, “la Caixa” Gizarte Ekintza, ASPACE eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren laguntzarekin. Bertan, egindako berrikuntza proiektuei esker nazioartean ezagunak diren bederatzi adituk erabiltzaileek osasunaren teknologia berriak diseinatzeko eta garatzeko prozesuan parte hartzeko modua aztertu dute, autonomia eta bizi-kalitate handiagoa lor dezaten.
Izaskun Goñi, Nafarroako Gobernuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari orokorraren arabera, «jada kontsumitzaileak, joerak ezartzeaz gain, protagonismo handia hartu du eskatzen dituen produktu edo zerbitzuen ezaugarriak definitzerakoan».
«Nafarroak berrikuntza sozialaren alde lan egiteko aukera eta betebeharra du. Elkarrekin sortutakoa gauzatuko duten enpresak behar dira», Javier Miranda.
Javier Mirandak, Nafarroako Kutxa Fundazioko presidenteak, azpimarratu du elkarrekin sortutakoa gauzatuko duten enpresak behar direla. Bere iritziz, Nafarroak «berrikuntza sozialaren alde lan egiteko aukera eta betebeharra du».
Jardunaldi hori “la Caixa” Gizarte Ekintzaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren “Innov@social” programak bultzatutako 28 proiektuetako bat da eta «pertsona kalteberen bizi-kalitatea ikuspegi berritzaile batetik hobetzea du helburu», Alberto Larraya, Iruñeko CaixaBank Enpresa-zentroaren zuzendariaren arabera.
Ondorioz, baliagarria izan da «dagoeneko garatzen ari diren esperientzia aurreratuak ezagutzeko eta erabiltzaileek osasunaren teknologiak berritzeko eta garatzeko prozesuetan parte hartzea lortzeko moduak ikasteko», Julen Etxebeste, Nafarroako Berrikuntza Sozialaren Unitateko arduradunaren esanetan.
NAFARROAN GARATUTAKO BERRIKUNTZAK
Foroan aurkeztu dituzten lehen esperientzietako bat Fernando Vilariñok azaldu du, European Network of Living Labs (ENoLL) sareko presidenteak. Haren iritziz, gizarteak erronka sozioekonomiko sistemikoei egin behar die aurre, eta, hori lortzeko, ezinbestekoa da eraldaketa orokor bat gertatzea; izan ere, «arazo horiek ezin ditu eragile bakar batek alde bakarretik konpondu».
Hori da, hain zuzen, osasunaren kontuarekin gertatzen dena. Erantzun azkar bat eman nahi bada, Vilariñoren ustez, «lankidetzarako tresnak behar dira, living labs delakoak edo esperimentuak egiteko gune irekiak (erabiltzaileentzat ere bai) bezalakoak, berrikuntzak eta teknologiak elkarri eragin diezaioten, bizitzea egokitu zaigun aro berri honek behar dituen konponbide disruptiboak lortzeko».
Konponbide mota horren inguruan bat dator Rosina Malagrida, IRSI Caixa osasun-arloko living lab-aren arduradunarekin edo, gure eskualdearentzat hurbilagokoa den Óscar Moracho, Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailearekin, baita Francisco Fernández Nistal, ADACEN-eko zuzendariarekin ere. Azken horrek hitzaldia aprobetxatu zuen bere erakundeak aspalditik martxan dituen proiektu pilotuak aurkezteko; ADACEN Neurolab, esaterako.
«Pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duten berrikuntzak garatzeko, ezinbestekoa da pertsona horiek ere sortzeko prozesuan parte hartzea», Francisco Fernández
ADACEN Neurolab estatu mailako ekimen aitzindari bat da, Living Lab metodologian oinarritutakoa, eta kalte neurologikoa duten pertsonei zuzendutako zerbitzu eta produktu berriak asmatu, garatu eta berritzeko prozesuan pazienteak sartzen ditu. Izan ere, azaldu duen bezala, «pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duten berrikuntzak garatzeko, ezinbestekoa da pertsona horiek ere sortzeko prozesuan parte hartzea».
Mintzaldi horren ondoren, saioa amaitzeko, “I+G+b osasunerako produktuetan, erabiltzailearen ikuspegitik” izeneko mahai-inguru bat egin da. Honako hauek izan dira parte-hartzaileak: María José Aliaga, Ramón y Cajal ASPACE zentroko zuzendaria; María José Goikoetxea, Nafarroako Unibertsitate Klinikako alergologia saileko espezialista; Juan Izeta, Gogoa Mobility Robots enpresako negozio garapeneko zuzendaria; eta Mariano Velasco, Movalsys konpainiako zuzendari kudeatzailea. Lau proiektu teknologiko oso berritzaile aurkeztu dituzte eta erabiltzaileekin elkarri eragiteko modua azaldu dute.