«Gizarte-kontabilitatea» enpresa batek sortzen duen gizarte-balioarekin dago lotuta eta eurotan kuantifikatzen ahal da. Orokorrean gutxi ezagutzen den kontzeptu bat bada ere, Nafarroa aitzindari bihurtu da foru-gobernuak gai honekiko hartu duen konpromisoari esker. Orain, gizarte-kontabilitateak analizatzeko eta objektiboki baloratzeko aukera ematen du, enpresa baten jarduerari eta jarduera horiek enpresan duten eraginari buruz informazioa eskaintzeaz gain.
Kongresu honetan zehar «Gizarte-kontabilitatea» kontzeptua azaldu da, enpresa batek bere kide eta akziodunentzat sortzen duen kontabilitate-balioa eta balio ekonomikoa ez ezik, interes-taldeentzat (bezero edo hornitzaileentzat) eta orokorrean gizartearentzat sortzen duena ere barne hartzen duena, eta gure komunitaterako eskaintzen dituen abantailak eta aukerak zehaztu dira.
«Gizarte-kontabilitatea» enpresa batek sortzen duen gizarte-balioarekin dago lotuta eta eurotan kuantifikatzen ahal da.
Izaskun Goñi, Nafarroako Gobernuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari orokorra; Ignacio Ugalde, Cepes Nafarroako presidentea; eta José Luis Retolaza, Deusto Business School-eko irakaslea eta GEAccounting-eko zuzendari zientifikoa arduratu ziren ongietorria egiteaz.
Ignacio Ugaldek nabarmendu du gizarte-kontabilitateak garrantzi handia duela enpresa batean, gizartean sortzen duen balioagatik. «Ekonomia sozialaren ikuspegitik, berrikuntza, estrategia eta interes publikoa funtsezko faktoreak dira gizartearen onurarako. Gizarte-kontabilitateak aukera ematen du ikusezina dena agerian uzteko, enpresaren eguneroko jardueren balioa eta gizartean duten eragina neurtzeko, enpresaren jarduna jakitera emateko, eta enpresa batek inguruan duen eragina zifratan islatzeko, ikusgaitasuna emateko».
Era berean, haren esanetan ekonomia soziala «prekarietatearen aurkako antidoto ahaltsu bat da. Elkarrizketa sozialean eta ongizatean parte hartzen dugu eta arauak eta legeak garatzeko ekarpena egiten dugu. CEPESeko presidente naizen aldetik, oso pozgarria da esatea mundu mailan erreferente bat garela eredu sozioekonomiko honetan eta aitzindariak gizarte-kontabilitatean».
Ugaldek gogorarazi du Ucan eta Cepes aitzindari izan direla ekonomia soziala sustatzen eta foro hau oso egokia dela Nafarroaren balioa azpimarratzeko, mundu mailan buru baita gizarte-kontabilitatean. «Ekonomia sozialaren inguruan dugun ezagutza beste enpresei helarazteko ari gara lanean. Gure inguruari arretaz entzun behar diogu aurrera egiten eta hobetzen jarraitzeko, eta gizarte-kontabilitateak asko errazten du lan hori».

José Luis Retolaza durante su intervención
Bestetik, José Luis Retolazak azaldu du enpresa batek bere kontuetan kontabilitatea egiten duen bezala, «gizarte-kontabilitatea ere neur daitekeela, negozioak merkatuan izan dituen emaitza objektiboen arabera ez ezik, jarduera horrek interes-taldeei ekartzen dien balioaren arabera».
Ugalde: «Gizarte-kontabilitateak aukera ematen du ikusezina dena agerian uzteko, enpresaren eguneroko jardueren balioa eta gizartean duten eragina neurtzeko, enpresaren jarduna jakitera emateko».
Hau zazpigarren kongresua dugu erakundeen gizarte-balioa modu estandarizatuagoan ikustea ahalbidetzen duen sistema bat garatzeko lanean hasi ginenetik. «Hasieran arraro samarra zen, baina geroz eta gehiago irudikatzen da. Kongresuz kongresu ikasten dugu nola kuantifikatu eta nola hausnartu. Erronka nagusietako bat aurrerapauso bat eman eta gizarte-kontabilitatea makro-balioak ere kuantifikatzeko aukera eskainiko digun erakunde sorta bati helaraztea da; izan ere, herritarrak garen heinean, bereziki interesatzen zaigu enpresen gizarte-balioa ikustea, kuantifikatzea eta erakundeen interesak gizartearen interesekin lerrokatzea».
Izaskun Goñik azpimarratu du Nafarroak ekarpen handia egin dezakeela ekonomia sozialaren-ekonomiaren arloan. «S3 garapen estrategiaren bidez, Nafarroako gobernuak etorkizunerako oinarriak ezarri ditu bizi-kalitatea eta jasangarritasuna hobetzeko helburuarekin, eta ekonomia sozialak zerikusi handia du horretan. Gizarte-balioa neurtzen ahal da. Aipatzen dugun tresna gai da jarduera sozialaren balioa azpimarratzeko eta, ondorioz, enpresak eragiten duen benetako onura ekonomiko eta soziala jakinarazteko aukera ematen du».
Ildo horretatik, Nafarroako Gobernuak zortzi erakundetan sustatu du kontzeptu hori, eta lehenengo emaitzak laster ikusi ahal izanen ditugu. «Jardunaldi hauetan gizarte-kontabilitateari eta kontzeptu hori enpresen estrategian txertatzeari heltzen diogu, ikuspegi berritzaile batetik», nabarmendu du Goñik.
ERRONKA: ESKALAGARRITASUNA
Ondoren, José Luis Retolazak, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta GEAccounting-eko zuzendari zientifiokak, gehiago sakondu du gaian “Gizarte-kontabilitatearen berrikuntza eta eskalagarritasuna” hitzaldian zehar eta adierazi du gizarte kontabilitateak «paradigma-aldaketa bat dakarrela. Kontabilitatea ikuspegi ekonomiko-finantzariotik egitera ohituta gaude. Orain, buelta eman nahi diogu horri; enpresa batean sortzen dugun gizarte-balioa agerian jartzeko aukera ematen diguten tresnez hornitu nahi dugu, entitateek balio hori kudeatu ahal izateko eta gainerakoek eta guk elkarri eragiteko, entitateek askatasun gehiago izan dezaten erabakiak hartzean».
Retolazak azpimarratu du ardatzean kontuak izatetik pertsonak izatera pasatzea «ikuspegi aldaketa bat dela». Pixkanaka, azaldu du, hori guztia gauzatzeko behar duten sistematikotasuna ematen zaie enpresei.
Gizarte-kontabilitateak hiru alderdi hartzen ditu barne, Retolazaren arabera: enpresa batek eskaintzen dituen produktu eta zerbitzuen bidez lortzen duen merkatu-balioa; bigarrenik, merkatukoa ez den balioa, kontabilitate-datuekin dirutan jasotzen ez dena; eta, azkenik, balio emozionala, «pertsonak nola sentitzen diren elkarreragin horietan (balio subjektiboa da hori). Alegia, normalean izan ohi dugun informazioa osatzen duen sistema bat da. Gainera, informazio horretan barne hartu behar ditugu omisioen ondorioz balio hori sortzen ez duten interes-taldeak, informazio hori ere beharrezkoa baita».
Retolaza: «Gizarte-kontabilitateak mintzaideen interes espezifikoen arabera adierazle ugari sortzeko aukera ematen du. Oso datu-sistema zabala eskaintzen digu. Aukera estrategikoak dira».
Ildo horretatik, Retolazak eskalagarritasuna gauzatzeko beharra azaldu digu; izan ere, «entitate desberdinen arteko analisi konparatiboak egitea ahalbidetzen du», eta adibide bezala jarri du entitate batek askotariko balio motak sor ditzakeela eta, aipatutako kasu honetan, merkatukoa ez den balioa merkatu-balioa baino askoz ere handiagoa dela. «Interesgarria da erabilitako baliabideen efizientzia-ratioa zein den jakitea. Gizarte-kontabilitateak mintzaideen interes espezifikoen arabera adierazle ugari sortzeko aukera ematen du. Oso datu-sistema zabala eskaintzen digu, eta enpresak datu horietan sakondu beharko du, bere interes-taldeei interesatzen zaizkienak bereizteko. Gizarte-kontabilitaterako aukera estrategikoak dira eta oso informazio adierazgarria ematen ahal digu. Datu horiek gizartearen egoeraren berri ematen diete enpresei; balioa sortzen ari diren moduari buruzko analisi zenbakarria».
Retolazak proposatu duen helburua gizarte-kontabilitatea mundu osora eramatea da. «Informazio mota hori erakundeetan txertatzeko unea da. Baina hemen agertzen da eskalagarritasunaren beharra; nola lortu milaka entitatek gauza bera egitea. Goi-mailako prozesuak probatzen ari gara».
Hala, Bilboko Elizbarrutiak sortzen duen gizarte-balioa ezagutzeko egiten ari diren lana azaldu du; Denon Artean Forua, eskalagarritasunaren kalkulu bateratu bat egin nahi duten sektore desberdinetako enpresa txiki eta ertainen forua; askotariko sektoreetako entitate ugarik osatutako ekonomia sozial nafarraren erronka; edo Pueblan (Mexikon) gizarte-kontabilitatea ezarri nahi duten 700 enpresentzat eginen duten proiektua. «Gainera, zenbait unibertsitaterekin ikerketa-talde bat antolatzen ari gara, elkarlanean jarduteko. Prozesu mota hauek interesa sortzen dute, balioa dagokion tokian kokatzen dutelako, enpresen estrategiaren eta estrategia publikoaren erdigunean».

Una de las mesas redondas celebradas
Retolaza honako hau gaineratu du: «erakundeak gizarte-kontabilitaterantz gerturatzen dira sortzen duten gizarte-balioa agerian jartzeko, baina gero etekina atera behar zaio, estrategiara eramatea ahalbidetu eta finantza-kudeaketan txertatu. Erronketako bat konektibitatea da: monetizazioa bestelako objektu generikoagoekin konektatzea, prozesua gehiago integratzea lortzeko. Mikro-informazioa makro-datuetara pasatzen ahal badugu, potentzial handia izanen dugu. Bide luzea dugu oraindik».
Geldialdi baten ondoren, mahai-inguru bat egin da “Interes publikoa gizarte-kontabilitatean” izenburuarekin, eta honako hauek izan dira partaideak: Izaskun Goñi, Nafarroako Gobernuko Politika Ekonomikoaren zuzendari orokorra; Gustavo Zaragoza, IVAP Valentziako Administrazio Publikoen Institutuko zuzendariordea; Sergio Murillo, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ongizateko zuzendari orokorra; Pablo Archel (moderatzailea), Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea.
Ondoren, “Ekonomia sozialarerako aukera gisa” izeneko debatea egin da, honako partaide hauekin: Patxi Vera, UCANeko zuzendaria; Ramón Roig, Clade taldeko zuzendari orokorra; Alejandro Martinez, Eroskiko Gizarte-erantzukizun Korporatiboko zuzendaria; Javier Zubicoa (moderatzailea), Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuko zuzendaria.
Vídeo resumen