Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkarteak, ANELek, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin lan-mahai bat antolatu zuen, elkartekideek (eta foru komunitatean ekonomia sozialeko enpresa-konfederazioa (CEPES) osatzen duten familia desberdinen ordezkariek) bertatik-bertara ezagut ditzaten finantzazioaren arloan dituzten alternatiba desberdinak, haien negozio-ideiak indartu eta hobetzeko.
Ignacio Ugaldek, ANELeko presidenteak eta Izaskun Goñik, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak eman zioten hasiera topaketari, eta honako hauek izan ziren bertan: Cristina Amorós, Elkargi Elkar Bermatzeko Sozietatearen Nafarroako arduradun komertziala; Gonzalo Soto, Caja Rural de Navarrako Ekintzaileak arloko arduraduna eta enpresa-kudeatzailea; Rubén Pascual, CaixaBankeko Enpresen arloko zuzendaria; eta Pello Bayona, Laboral Kutxako eskualde zuzendaria.
ELKARLANEAN GEHIAGO AURRERATZEN DUGU
Guztiek azaldu zuten zein diren eskualdeko kooperatiben eta lan-sozietateen esku jartzen dituzten aukera desberdinak, ekintzailetza kolektiboaren arloko proiektuak aurrera eramateko, kalitatezko enplegua sortzeko eta, hala badagokio, lurraldea egituratzen laguntzeko. Ildo horretatik, Ugaldek eskerrak eman zizkien bertan egoteagatik; izan ere, gogorarazi zuen bezala, «pertsonak oinarritzat dituen gure enpresa-ereduarekin konprometituta gaudenok elkarrekin lan egitea komeni da, eredu hori indartu dadin».
Era berean, mota horretako topaketek eskaintzen duten aukera defendatu zuen, haren iritziz, argi uzten baitute «elkarlanean gehiago aurreratzen dugula». Azkenik, adierazi zuen beharrezkoa dela ekonomia sozialeko enpresak babestea, «haien ezaugarri nagusia lurraldean, berrikuntzan eta kalitatezko enplegua sortzera bideratutako proiektuen garapenean inbertitzen dutela» baita.